Norabidea eta konpromisoa
Europan esperientzia kooperatiboa sendotzearen aldeko apustua
Europar proiektu sozioenpresariala, etorkizunerako bokazioa duena
10 Urr 2025

Hernani, urriak 9
Orona Europako erreferente nagusietako bat da mugikortasun bertikaleko soluzioetan. 6.500 pertsona baino gehiago ditu lantaldean, eta nazioarteko lehiakortasuna eta tokiko konpromisoa uztartzen dituen proiektu sozioenpresariala da.
Urtez urte gero eta aldakorragoa eta konplexuagoa den testuinguru globalaren aurrean, kooperatibak tinko jarraitzen du etorkizuneko erronkei sendotasunez aurre egiteko gai den Europa mailako proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakorra garatzen jarraitzeko asmoz.
Orona UE 2030 Norabidea
Gaur egun, urrats sendoak egiten ari da Orona UE 2030 Norabidea lortzeko. Europako esparruan esperientzia kooperatiboa sendotzea du helburu, 8.000 langileren eta 1.500 milioi euroko salmenten helburuak lortzeko. Ildo horretan, Oronak 2025eko ekitaldia emaitza onekin amaitzea aurreikusten du, inbertsio-ahalegin handia eginez eta enpleguan hazkunde nabarmena lortuz.
Orona UE 2030 ibilbide-orri horren barruan, BIL (Best In Lifts) proiektu estrategikoa Oronaren etorkizuneko industria-eredua diseinatzera eta garatzera bideratuta dago. Proiektu horretan, garrantzi berezia hartzen du egungo ekoizpen-azpiegituren kapituluak, igogailuen egungo eta etorkizuneko eskaeraren bilakaera gero eta handiagoa dela eta.
Etorkizunarekiko konpromisoa
Enpresak hasiera-hasieratik izan duen etorkizunaren aldeko apustuaren adierazle gisa, Oronak aukera izan du Estubegin (Hernani) dagoen lurzoru estrategikoaren salerosketa hitzarmen bat sinatzeko, etorkizuneko industria-azpiegiturak birdiseinatzeko.
Alde horretatik, espazio berri horrek malgutasun handiagoa emango dio fabrika-prozesuen integrazio-ahalmenari, eta haien gaitasunak etorkizuneko eskaeretara egokituko ditu pixkanaka.
Halaber, Jundizko lursailean (Vitoria-Gasteiz) industria-ezarpena burutzeko jarduera-plan bati ekingo dio konpainiak. Plan horren arabera, gaur egungo ekoizpen-azpiegiturak handituko dira, eta ekoizpen-makinen parkea modernizatuko da. Aurreikuspenen arabera, 10 M€ baino gehiagoko inbertsioa egingo da.
Industria-azpiegituretan egingo dituen jarduera horiei esker, Oronak autohornikuntza lehiakorrerako duen gaitasuna eta mundu mailako igogailuen sektoreko material-hornikuntzan duen posizioa bermatuko ditu, eta, pixkanaka, etorkizuneko eskaeretara egokituko ditu bere gaitasunak.

Industria-azpiegituren handitzea Estubegin (Hernani)
Estubegi 60.000 m2-ko lurzoru estrategikoa da eta 30.000 m2 eraikigarri ditu. Egungo kokalekuen gune logistiko eta industrial berean integratuta dago, eta aukera emango du Oronaren industria-gaitasunen kudeaketa globala bateratzeko eta testuinguru globalean posizio lehiakorrean lidergoa mantentzeko.
Iraganean bezala, eta BIL (Best In Lifts) proiektuaren barruan, Oronak pixkanaka eta hainbat fasetan eraikiko ditu azpiegitura berriak Estubegin. Kalkuluen arabera, azpiegitura horiek amaitzean 150 lanpostu berri sortuko dira, eta 60 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Erakundeekin lankidetza
Oronak gaur iragarritako apustu berria Gipuzkoa arlo sozial eta ekonomikoan ematen ari den “anbizio jauzian” kokatu du diputatu nagusiak, Eider Mendozak. Azpimarratu du proiektu eta ekimen berritzaileak sortzen ari direla lurraldean elkarlanetik, eta horri esker, “etorkizuneko industriaren oinarriak eraikitzen” ari direla. “Egungo testuinguruan ausardia, aurre hartzea eta elkarlana behar dira gure industria defendatu eta etorkizunerako prestatzeko. Oronaren ibilbidea berrikuntzaren, ondo egindako lanaren eta herrialdearekiko eta pertsonekiko konpromisoaren balioen emaitza da, eta balio horiek indartzen jarraitu behar dugu guztion artean”, ondorioztatu du.
Eusko Jaurlaritzako Industria, transizio energetiko eta jasangarritasuneko Sailburua den, Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “Oronako operazio hau, Eusko Jaurlaritzatik gure Industria Planaren bidez garatzen ari garen industria-politikaren adibiderik onena da. Hau da, geure industria indartzeko bideei erabateko babesa ematea”. Ziur egonik, kasu honetan bezala, “proiektu industrial sendoak, etorkizunerako bokazioa dutenak, nazioarteko proiekzio handiarekin eta nabarmenki berritzaileak direnak babestuz egiten dugula”. Horren ondorioz gainera, “kalitatezko enpleguak sortuko dira eta kasu honetan, Oronak ordezkatzen duen eredu kooperatiboaren oinarritik”.

Oronari buruz
Orona enpresa-talde europar liderra da pertsonen mugikortasun bertikal jasangarrian. Igogailuen, eskailera mekanikoen, arrapalen eta korridoreen balio-kate osoa hartzen du bere jarduerak: diseinua eta fabrikazioa, instalazioa, mantentze-lanak, modernizazioa, zaharberritzea eta ekipoak ordeztea.
Gaur egun, Orona bosgarren tokian dago Europako igogailu bertikalen merkatuan, eta lidergo-posizioei eusten die Espainia, Belgika, Irlanda eta Portugal bezalako merkatu gakoetan. Haren soluzioek 25 milioi pertsona baino gehiago garraiatzen dituzte egunero, 13 herrialdetan zuzeneko presentzia izanik, munduko 100 herrialde baino gehiagotara esportatzeko jarduera eta Europa osoan zehar 300.000 igogailu baino gehiagoko parkea.