Skip to main content

Kabia-kutxak Orona Ideon inguruneko biodibertsitatea mantentzen laguntzeko

Aranzadi Zientzia Elkarteak burutu du ekimena Orona Fundazioaren babesarekin eta helburua hegazti intsektujaleak hiri-inguruneetan mantentzea da

15 Abe 2022

Kabia-kutxa zuhaitzetan jartzen den egitura artifiziala da, beren barrunbeetan habia egiten duten hegaztien babesa eta ugalketa errazteko. Bereziki erabilgarriak dira baso gazteetan eta hiri-inguruneetan, eta batez ere hegazti intsektujaleek erabiltzen dituzte. Horrela, modu naturalean intsektuen izurriteak kontrolatzen laguntzen da, naturarako kaltegarriak diren produktu fitosanitarioen erabilera murriztuz.

Orona Ideoren inguruan kabia-kutxak jartzeak, batez ere kaskabeltza (Parus major) edo amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) bezalako espezieak egotea erraztuko du.

Era honetako ekimenen garapenak, biodibertsitatea sustatu eta kontserbatzeaz gain, hiritarrak hiriguneetan ere biodibertsitatea babestearen eta sustatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko ere balio du.

Aranzadi Zientzia Elkartea

Aranzadi Zientzia Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bere helburuak natur eta kultur ondarea ikertzea eta ikerketa horretatik eratorritako ezagutzak zabaltzea dira.

Azken urteotan, Aranzadi Zientzi Elkarteko Ornitologia Sailak hiri-biodibertsitatearekin lotutako lan-ildo bati eutsi dio, eta horren azken helburua hiri-biodibertsitatea sustatu eta kontserbatzeko beharrari buruz ikertzea eta emaitzak ezagutzera ematea da.

Itzuli gora