Skip to main content

Jalgi Hadi dokumentala

Euskararen iragana, oraina eta etorkizuna arakatuko dituen dokumentala

12 Abe 2025

Orona Fundaziotik Jalgi Hadi proiektua babesten dugu, AEK-k eta Mirokutana ekoiztetxeak sustatutako dokumentala. Euskararen eta Korrikaren, gure lurraldeko gizarte-ekimen enblematikoenetako baten, gaineko begirada sakon eta eguneratua eskaintzea helburua du eta Donostiako Zinemaldian estreinatu nahi dute, 2027an.

Dokumentalak euskararen bilakaera historikoa, egungo errealitatea eta etorkizuna definituko duten erronkak jorratuko ditu, ikuspegi ugaritatik. Ikus-entzunezko erregistrotik harago, hausnarketarako eta eragin sozialerako tresna bihurtu nahi du Jalgi Hadik. Bultzatzaileek azpimarratzen dutenez, “hamarkada honetan egiten dugunak, edo egiteari uzten diogunak, markatuko du euskararen etorkizuna”.

Bereziki euskaldunei eta hizkuntzarekiko atxikimendua duten pertsona guztiei zuzenduta, proiektuak bultzada kolektibo berri bat suspertzea du helburu. AEK-k gako estrategikoak planteatzen ditu, hala nola ezagutzaren unibertsalizazioa, euskara erabiltzeko gune erosoen sorrera, hizkuntza politiken orientazioa eta pertsona helduen euskalduntzea.

Dokumentalaren ardatz nagusietako bat Korrika bera ere izango da. Lehen pertsonan egindako irudien bidez, gertutik erakutsiko da lasterketa posible egiten duen antolaketa-prozesua, bai eta lasterketa bultzatzen duen taldearen ilusioak, kezkak eta erronkak ere. Urtez urte milaka pertsona martxan jartzea lortzen duen mugimendu sozial hori nola egituratzen den barrutik ezagutzeko aukera emango du filmak.

Horrez gain, soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kultur sortzaile, erakundeetako arduradun eta eragile euskaltzale ugari bilduko ditu Jalgi Hadik, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz duten ikuspegia partekatzeko. Emaitza, konpromisotik eta emoziotik eraikitako pentsamenduaren espazio anitza izango da.

Oso harro gaude kultura, identitatea eta etorkizuneko begirada uztartzen dituen proiektu bati ekarpena egiteaz. Jalgi Hadirekin, AEK-k eta Mirokutanak aukera paregabea eskaintzen dute kolektiboki hausnartzeko, euskararen bizitasuna indartzeko eta munduari Korrikaren izpiritua ezagutarazteko.

Itzuli gora