Donosti Authentics Cup
Inklusioa futbolaren bidez sustatzen
11 Uzt 2025

Orona Fundazioak uste osoa du kirolak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen ahalmenean. Hori dela eta, beste urte batez, Donosti Authentics Cup txapelketaren bertsio inklusiboa babestu dugu. Txapelketaren bosgarren edizioak emozioz, ilusioz eta adiskidetasunez bete zuen Anoetako Miniestadioa.
Authentics Day jardunaldiak Mexikotik, Kataluniatik, Euskaditik eta Frantziatik etorritako hamar talde bildu zituen, eta txapelketa honetan parte hartu zuten pertsona guztiek, hasi aurretik irabazle direla erakutsi zuten. Beste behin ere, kirol egokitua ospatzeko eta aldarrikatzeko espazio gisa finkatu zen ekitaldia, inklusioa eta aukera-berdintasuna sustatzeko bitarteko gisa.
Harmailetako giroa izan zen beste protagonistetako bat. Bertako zaleak indartsu sentitu baziren ere, zalerik onenaren saria Los Gladiadores de Mexicok irabazi zuen. Talde horrek txapelketaren bost edizioetan parte hartu du, eta ikusleak gogotsu eta energiaz kutsatu zituen berriro.
Orona Fundaziotik harro gaude elkartasun-, aniztasun- eta inklusio-balioak uztartzen dituen ekimen honen parte izateaz. Donosti Authentics Cup ez da txapelketa bat soilik, kirolak hesiak eraitsi, kulturak batu eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraiki dezakeenaren adibide da.