Skip to main content

ASPACE Gipuzkoa

Bipedestadoreak eskuratzea, garun-paralisia duten ikasleen ongizatea hobetzeko

05 Abe 2025

Orona Fundazioak desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa berretsi du, eta ASPACE Gipuzkoari garun-paralisia eta antzeko asaldurak dituzten ikasleentzako hiru bipedestadore eskuratzen lagundu dio. Gailu horiei esker, beren kabuz zutik jarri ezin diren neska-mutilek eta gazteek posizio bertikala esperimentatu ahal izango dute, eta garapenerako funtsezkoak diren onura fisikoak, emozionalak eta sozialak ekarriko dizkiete.

ASPACE Gipuzkoa irabazi-asmorik gabeko familien elkarte bat da, 50 urte baino gehiagoko ibilbidea duena, eta garun-paralisia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen saiatzen dena bizi-ziklo osoan zehar. Heziketa bereziko 25 gelatan, 20 urte arteko gazteak eskolatzen dira, eragin fisiko eta kognitibo larria dutenak. Gaur egun, erakundeak 454 pertsona artatzen ditu, 374 profesionalen lan konprometituari esker.

Egunerokoan, ikasle gehienek ordu luzeak ematen dituzte eserita, zutik jartzea eragozten dieten asaldura motor larrien ondorioz. Hala ere, esperientziak erakusten du bipedestazioa —bertikalki jartzea, bipedestadore baten laguntzaz— bereziki atsegina eta onuragarria zaiela, aukera ematen baitie ingurunea beste ikuspegi batetik aztertzeko, hezitzaile eta lankideekin modu zuzenagoan erlazionatzeko, eta aurrez aurreko interakzioa eskatzen duten jarduera pedagogikoetan parte hartzeko.

Bipedestadoreek onura ugari eskaintzen dizkiote osasunari, besteak beste:

- Muskulu-tonu anormala, espasmoak eta uzkurdurak gutxitzea 

- Jarrera, mugimenduaren zabaltasuna eta zirkulazioa hobetzea

- Arnasketa, digestio eta hesteak kontrolatzen laguntzen du

- Hezur-dentsitatearen galtzea eta eskoliosiaren progresioa prebenitzea

- Jarrera txar luzeek eragindako mina gutxitzea

- Ongizate emozionala eta lo-ereduak hobetzea

Fundazioaren iritziz, funtsezkoa da autonomia pertsonala, ongizate integrala eta gizarteratzea sustatzen dituzten proiektuak bultzatzea. ASPACE Gipuzkoaren lana dedikazio eta konpromisoaren adibide bat da, eta harro gaude gazte hauen eta euren familien egunerokotasunean hain eragin esanguratsua izango duen proiektu baten parte izateaz.

Itzuli gora